Frantzian 1999. urtean izan ziren ekaitz handiek basoetako hainbat landare-espezie baxuren ugalketa eragin zuten: huntzarena, sasiarena eta haritz gazteena, besteak beste. Aurreko urteetan baino % 15 gehiagosortu ziren eta aurten, adibidez, basoen azaleraren % 10 gehiago estaltzen dute. Landare-espezie horiek dira, hain zuzen ere, orkatzek jaten dituztenak.
Emaitza horiek Cemagref-ek, CNRSaren laguntzarekin batera, egin duen ikerketaren ondorioak dira.Ikertzaile horiek 1999an Frantzian izan ziren ekaitzek sorturiko ondorioak landu dituzte, Chizé eta Trois Fontaines-eko basoetan. Beren azterketaren arabera, basoetara lehen baino askoz ere orkatz gehiago hurbiltzen da elikatzera eta bizitzera. Baina noiz arte iraungo du horrek? Landare-espezie baxuak handitzen diren arte, hau da, hemendik 5-10 urtera arte.
Orduan, orkatzek zailtasun gehiago izango dute basoetan barna ibiltzeko. Aipatzekoa da 1999ko ekaitzek ez zietela kalte handiegirik egin animalia horiei, zuhaitzak erorita gutxi batzuk hil baziren ere. Beraz, askorentzat ekaitza oso kaltegarria bada ere, orkatzei onura besterik ez die egin.