Australiako ikerlari batzuek, eguzkitiko energiaren % 98 bero bihurtzen duen kolektore batean erabiltzeko gainazala garatu dute. Gainazala, eguzki-sorgailu batean ezarri dute.
Eguzki-sorgailu honetan eguzkitik lortutako beroaren bidez ura irakin egiten da, lurrina turbina batera eramaten da eta han elektrizitatea sortzen da. Ikerlariek diotenez, eguzkitik iristen den energiaren % 20 elektrizitate bihurtzen omen da. Beraz, elektrizitatea lortzeko sistema hau, ohizko sistemekin alderatuz, errendimendu hobekoa da.
Gainazal berezi honi eraginkortasun handiko gainazal selektibo edo EHGS deritzo eta material metaliko, zeramiko-metaliko (zermet) eta isolatzaileez osaturik dago. Gainazal hau osatzen duten geruza desberdinak sandwichaturik daude eta eguzkiak emititutako energia handiko erradiazioa zurgatzeko oso eraginkorrak dira.
Aldi berean, geruzek energia txikiko infragorrien erradiazioa oztopatu egiten dute. Horregatik, bide honetatik galtzen den erradiazioa ohizko sistemetan galtzen dena baino hiruzpalau aldiz txikiagoa da. EHGSk onartzen duen tenperatur tartea oso zabala da; giro-tenperaturatik 500 °C-raino heda daiteke.
EHGSk lau geruza ditu. Goikoa, isladaren kontrakoa da eta material garden isolatzaile batek (silikona oxidoak adibidez) osatzen du. Ondoren dauden bi geruzak zermetezkoak dira, argia zurgatzeko ahalmena dutelarik. Azkenik kobrezko edo beste metalezko geruza batek, metatutako beroa barnerantz garraiatzen du.
Kolektorearen bihotzean beirazko bi zilindro (batabestearen barnean) daude, bien artean hutsa dagoelarik.
EHGS barneko zilindroaren kanpoko aldean jartzen da. Zilindro honen barnean altzairuzko tutu bat dago. Bertan ura beroaren eraginez irakiten hasten da.
Gailuaren tamaina 2 x 1 m-koa da eta eman dezakeen energiaren prezioa kW.orduko 4 pta-koa da. Zentral nuklearretatik edo termikoetatik lortzen den energiaren prezioa kW.orduko 9 pta-koa dela kontutan hartzen bada, lortutako aurrezpena begibistakoa da.