Eguzkiaren indarrez

30 metroko zabalera du, 210 kiloko pisua eta 45 kiloko garraio-ahalmena. 30.000 metroko altitudean higitu ahal izango da 170 km/h-ko abiaduraz. Pathfinder izeneko hegazkin berria da eta aipatutako ezaugarriek ezer berririk esaten ez badute ere, hegazkin berezia da eguzkitiko energia soilik erabiliko baitu.

Argazkiko Pathfinder izeneko hegazkin berria berezia da, eguzkitiko energia soilik erabiliko baitu.

Prototipoa Kaliforniako Edwards basean egin dute eta hortxe ikusi da lehen aldiz hegan. AeroViroment erakundearen aspaldiko ametsa zen eta ikusmin handia eragin duenik ezin da ukatu. Militarrek, teknikoek eta hegazkin-konpainia komertzialek berebiziko interesa erakutsi dute proiektuarekiko. Ez da harritzekoa. Eskala edo geldiunerik egin gabe, higitze-autonomia handia izango du, erregaia hartu beharrik ez baitu izango. Honez gain, hegaletan ezarri zaizkion energi zelulei esker, 2.000 eta 8.000 watt bitarteko potentzia garatu ahal izango du.

Bistan denez, erabilpen-eremua nahi adina zabal daiteke. Telekomunikaziorako seinale gune higikorra, espioitza-zentrua edo ikerketa-gune bezala erabil daiteke. Ogi bidean, bere burua erraz ordain dezakeen asmakizuna da.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila