Eguzkiaren eremu magnetikoak oroimen ona du

NASAko Jet Propulsion Laboratory-ko zientzialari-talde batek Eguzkiaren eremu magnetikoa ziklikoa dela frogatu omen du.

Zientzialarien arabera eremu magnetikoa etengabe itxuraz eta intentsitatez aldatzen ari da, baina 11 eguzki-ziklotan behin itxura eta posizio berdina izaten du; edo horrela egin du gutxienez azken hamarkadetan. Orain arte eremu magnetiko honen itxura eta intentsitatea erabat zorizkoak zirela uste izan da, agian Eguzkiaren jardueraren inguruko datuak urriak zirelako.

Zientzialariek azken 40 urteetako datuak aztertu dituzte, Aro Espaziala hasi zenetik orain arte jaso diren datuak hain zuzen ere, eta Eguzkiaren portaeran zikloa aurkitu dute.

Eguzkiaren eremu magnetikoak gure izarrari buruz asko erakuts diezaguke. Besteak beste, eguzki-haizearen intentsitate-zikloak ulertzeko edo aktibitate handiko garaiak iragarri ahal izateko balio dezake. Alde horretatik, Eguzkiak ziklo egonkorra jarraitzen duela jakitea berri ona da, Lurrean duen eragina izugarria dela kontuan hartzen badugu batik bat.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila