Eguzkia uste genuena baino beroagoa zen sorreran

Ez da kontu berria Eguzkia, milioi bat urteko adina besterik ez zuenean, orain baino distiratsuagoa zela. Hala ere, Eguzki gaztea uste zutena baino beroagoa eta distiratsuagoa zela ziurtatu du Alemanian dagoen Max Planck Institute of Extraterrestrial Physics-eko zientzialari-talde batek. Protoeguzkia oraingoa baino lau aldiz distiratsuagoa eta bere azala 500 gradu beroagoa zela adierazi dute.

Garai hartan, Eguzkia protoizarra zen eta izarrek berezkoa duten hidrogenoaren fusio nuklearra hastear zegoen artean. Dena dela, talde horretako buru den Günther Wuchterl ikertzaileak, izarra eratzen ari zenean izan zen gas-uzkurdurak, orain Eguzkian gertatzen ari den fusioak baino energia gehiago igorriko zukeela adierazi du. Ez da harritzekoa, beraz, protoizar horrek oraingo Eguzkiak baino izpi distiratsuagoak igortzea.

Protoizarrak orain indarrean dauden ereduek iragartzen dutena baino distiratsuagoak badira, beren adina orain arte uste zena baino handiagoa izan daitekeela adierazi du. Ondorio horrek astronomian aldaketa garrantzitsuak sortaraz ditzake, zientzialariek izar gazteak datatzeko erabiltzen duten modua alda baitezake.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila