Eguzki-sistemaren etorkizuna hau ote?

Draco konstelazioko izar berezi baten inguruko ikerketek eguzki-sistemaren etorkizuna azaltzeko teoria sortzen lagundu du. GC356 izarra oso berezia da bere argia polarizaturik dagoelako eta orain arte ez da fenomeno honen zergatia aurkitu. Canberrako astrofisikari-talde batek, ordea, era honetan azaldu du argiaren polarizazioa: izar bat bere bizitzaren azkenean Erraldoi Gorri bihurtzen denean, bere inguruko planeten atmosfera eta azala deuseztatzen ditu metalezko nukleoak soilik utziz.

Izarra gero Nano Zuri bihurtzen denean eremu magnetiko handia sortzen da bere inguruan eta planeta metalikoetan sekulako korronte elektrikoak sor ditzake. Korronte hauek oso indartsuak badira planetatik izarrera iristen dira izarraren inguruko gas ionizatuan zehar. Era honetako korronteak izarraren poloetako hidrogeno-atomoak kitzikatzen dituzte eta hauek ondorioz sortzen duten argia eremu magnetikoaren bidez polarizatu egiten da. Teoria hau egia bada, hau izan liteke Lurraren eta inguruko planeten etorkizuna Eguzkia bere zahartzarora iristen denean.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila