Eguzki hoztailea

Konpainia bretoi batek, eguzkitiko energiaz baliatzen den munduko lehenengo hozkailua aurkeztu du.

Brissounneau Lotz Marine (BLM) konpainiaren ustetan honelako hozkailuak oso erabilgarriak izan daitezke hirugarren munduan, botika eta txertoak kontserbatzeko energia elektrikorik ez dagoen tokietan.

Sistemak bi substantzia erabiltzen ditu: metanola eta ikatz aktibatua. Gaua eta egunaren artean dagoen tenperatur diferentzia erabiltzen du oinarritzat. Egunean zehar, eguzkiak bi substantziak dituen eguzki-panela berotzen du. Beroak metanola lurrintzen du eta presio altuan dagoen gas bihurtzen da. Gasa balbula batean zehar, panelaren atzekaldean, itzalean, sigi-saga doan tutu kondentsatzailean sartzen da. Tutuan, metanol gaseosoa kondentsatu egiten da eta beste balbula batean zehar lurringailura pasatzen da, non presio baxuan likidoa berriro gas bilakatzen den. Presio baxuko baldintzetan behar den bero sorra, gordetze-ganbaratik erauzten da eta hau hoztu egiten da.

Gauez, panelean dagoen lurrina hoztu egiten da eta metanola likidotzen den heinean lurringailutik lurrina erauzten du, sortzen den hutsa konpentsatzeko. Honek ere lurringailuan presioa baxu mantentzen du eta zikloa aurrera darrai. Metanola paneletan sartzen den neurrian kondentsatzen da eta ikatzak xurgartzen du.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila