Eguzki-energia garbiagoa

Eguzki-plakek, besteak beste, elektrizitate bihurtzen dute Eguzkiaren energia. Arizonako Unibertsitateko Neal R. Armstrong zientzialariak egin duen lana Eguzkiaren energiaz baliatzeko bideetan aurrerapauso garrantzitsua bilaka daiteke. Berez mihiztatzeko gai den mintz organiko fin-fina aurkeztu du. Mintz hori molekula organikoek osatzen dute, eta hasieran egoera likidoan badago ere, berez zelula fotovoltaikoen izaera hartzeko gai da.

Zientzialarien lana zelula fotovoltaikoen zereginetarako molekularik ahalik eta egokienak diseinatzea, sintetizatzea eta karakterizatzea da. Likido-egoeratik abiatuta, molekula horiek mihiztatzeko gai izan behar dute, gutxienez 100 nanometroko geruza osatu arte, eta, horrela, elektrizitatea garraiatzeko egokiak izan daitezen.

Pelikula eraginkorra suertatuko balitz, oinarrian oso material malgua duten eguzki-plakak egin ahal izango lirateke, hormetarako erabiltzen diren paper-biribilkiak bezala biltzen eta jartzen direnen modukoak, eta, garrantzitsuagoa, fabrikatzeko merkeak.Armstrong-ek adierazi duenez, horrelako plaken eraginkortasuna elektrizitate-konbertsioa merke egiteko modukoa da.

Gaur egun, eguzki-energiaren merkatuan plaka-fotovoltaikoen % 99 silizioan oinarritua daude. Silizioa material ona da, fidagarria eta eraginkorra, baina garesti samarra. Siliziozko eguzki-plakak arlo ugaritan erabiltzen dira, espazioaren ikerketan adibidez, baina garestiak direnez, eguzki-energiaren arloa aurrera egin ezinik ari da. Estatu Batuetan, esate baterako, ohiko sistemetan ekoitzitako kW/h bakoitzeko dolarra ordaindu beharko balute, sistema fotovoltaikoetatik lortutako kopuru berdinagatik hiru aldiz gehiago ordaindu beharko lukete, nahiz eta eguzki-energia askoz ere garestiagoaizan. Europako hainbat herrialdetan ere, Alemanian adibidez, iturri berriztagarrietatik lortutako elektrizitateagatik gehiago ordaintzen dute.

Dena dela, prezioak parekatzen ari dira, aldeak murrizten. Mintz organikoaren bezalako ikerketek merkatu biak gehiago hurbiltzea eragin dezakete. Silizioaz gainera, bestelako material ez-organikoekin ere egin izan dituzte ikerketak, eta material horiek silizioa bera baino eraginkorragoak eta merkeagoak izan badira ere, ingurugiroari begira oso kaltegarriak suerta daitezke.

Alde horretatik, argi dago sistema organikoak ez direla besteak bezain toxikoak. Sistema horiekiko ikerketa aurreko mendeko 70eko hamarkadan hasi zen. Orduan, beren eraginkortasuna % 1,5era doi-doi iristen zenez, ikerketan ez zen inbertsio handirik egin. Hala ere, ahal den moduko ikerketa egin da, eta Arizonako Unibertsitateko mintz organikoetakoa emaitzetako bat da. Gaur egun diseinatzen ari diren mintzak eguzki espektrua ia osorik xurga dezake eta, dirudienez, laster % 20ko eraginkortasuna izatera irits daiteke.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila