E. coli transgenikoak egin dituzte, bakterio patogenoak suntsitzeko

Singapurko Teknologia Unibertsitatean, genetikoki eraldatu dute Escherichia coli bakterioa, Pseudomonas aeruginosa bakterio patogenoa suntsitzeko gai izan dadin. Horretarako, gainera, aurkariaren arma berberak eman dizkiote E. coli ari.

Hain zuzen ere, P. aeruginosa bakterioak proteina toxiko bat (piozina) sortzen du, bere espezie bereko bakterioei aurre egiteko. Bada, ikertzaileek proteina toxiko horren genea identifikatu dute, eta E. coli aren genoman sartu dute.

Horrez gain, P. aeruginosa k bere espezieko bakterioak identifikatzeko erabiltzen duen mekanismoa ere gehitu diote E. coli ari. Azkenik, toxina askatu ondoren E. coli a bere buruaz beste egitera behartzen duen beste gene bat ere sartu diote.

Horrekin guztiarekin, bonba suizida bat egitea lortu dute ikertzaileek. Oraingoz in vitro probatu dute, eta emaitza oso onak lortu dituzte: P. aeruginosa ren % 99 hil zuen E. coli transgenikoak. Alabaina, ikusteko dago bizidunetan ere eraginkorra eta segurua den.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila