DNA-katea konpontzeko genea aurkitu da

Rotterdameko Erasmus Unibertsitateko zientzialariek frogatu dute gene batek DNA-katea konpontzen laguntzen duela. Gene hori gabe, DNA-katea era traketsagoan konpontzeko aukera gehiago daude, eta konponketa horiek minbizia sor dezakete ondoren.

Ikertzaileek Rad54 generik ez zuen arratoia sortu zuten. Arratoien zelula normaletan DNAren konponketa traketsa kasuen % 60an gertatzen zen, baina Rad54 desaktibatuz % 80ra iritsi zen ehunekoa. Emaitzek Rad54a bi adarreko hausturak konpontzeko garrantzitsua dela frogatu dute eta erradioterapia-tratamendua zuzenago erabiltzeko jakintza eskuratzeko bidea ireki dute.

Beste esperimentu batean, kimioterapiaren eraginak aztertu zituzten Snm1 genea kontuan hartuta. Gene horrek lotura gurutzatuen konponketan du eragina. Gene hori desaktibatua zuten arratoiak berehala hil ziren kimioterapia dosi txiki baten ondorioz. Aurrerantzean, kimioterapiari errefusa dioten gaixoek Snm1 genean izan ditzaketen disfuntzioak aztertuko dituzte.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila