Dmitri Ivanovitx Mendeleiev

Azkune Mendia, Iñaki

Elhuyar Fundazioa

Kimikari errusiar hau, Tobolsk-en (Siberian) jaio zen 1834. urteko otsailaren 7an. Bere familian anai-arreba asko ziren (14 edo 17 zirela esaten da, artxiboetan gauzak garbi agertzen ez direnez), Dmitri gazteena zelarik. Ama mongoliarra zuen eta aita bertako Institutuko zuzendari. Aitonak berriz, Siberiako lehen inprenta eduki zuen eta lehen aldizkaria ere berak argitaratua zen.

Mendeleiev oso gaztea zenean, aita itsutu egin zitzaien eta Institutuko lanbidea utzi egin behar izan zuen. Familiako diru-sarrerak oso urri zirela eta, amak kristal-fabrika bat antolatu zuen. Harrigarria da emakume hark hain baliabide gutxirekin tamaina hartako familia aurrera ateratzea.

Mendeleievek aldi hartan, Siberiara erbesteratutako politikari baten eskutik kimikazko lehen hitzaldia entzun zuen. Batxilergoa bukatzen ari zela, 1849.ean, aita hil egin zitzaion, eta amaren fabrika berriz, erre egin zen.

Ordurako Mendeleieven anai-arreba guztiak hazi eta etxetik joanak ziren. Horregatik harez gero ama bere seme gazteenaren hezkuntzaz arduratu zen. Moskura joan ziren, baina han ez zuten inolako arrakastarik lortu, unibertsitatera sartzerik izan ez zuelako. Handik San Petersburg-era aldatu ziren eta han aitaren lagun baten laguntzari esker Mendeleievek unibertsitatera sartzea lortu zuen. Ama, ikasten hasi eta laster hil zitzaion.

Mendeleiev unibertsitateko ikaslerik onena izan zen. Karrera amaitu zuenean, Frantzian eta Alemanian osatu zituen bere ikasketak. Heidelberg-en aritu zen praktikak egiten, Bunsen-ekin lan egitea tokatu zitzaion eta Karlsruhe-ko kongresu nagusian parte hartu zuen. Han Cannizzaro-ri elementu kimikoen pisu atomikoari buruzko ideiak entzun zizkion eta txundituta geratu zen.

San Petersburgera itzuli eta kimika-irakasle izan zen 1866. urteaz gero. Errusiako hizlaririk jakintsuena eta interesgarriena izan zen, eta Europako onenetakoa ere bai. 1868 eta 1870. urte bitartean Kimikaren printzipioak izeneko testu-liburua idatzi zuen; errusieraz idatzitako ordurako onena ezezik, inoiz idatzi den onenetakoa, hain zuzen.

Mendeleiev zientzia eta teknikaren atal desberdinez arduratu zen. Isomorfismoaz, gasen konpresioaz eta airearen ezaugarriez gain, besteak beste nekazaritzaz, industria kimikoaz eta aeronautikaz egin zituen lanak. Politikan ere gobernuarekin izan zituen bere gorabeherak. Ikasleek jasandako zanpaketaren kontra mintzatzen zelako agintariek behin baino gehiagotan mehatxatu zuten.

Dena dela, Mendeleievek kimikari egindako ekarpen ezagunena eta bikainena, bere “Elementu Kimikoen Taula Periodikoa” da. Mendeleiev elementu kimikoak pisu atomikoa kontutan hartuta ordenatzen hasi zen, txikitik handira. Berehala gauza interesgarri bat aurkitu zuen Frankland-ek hamabost urte lehenago esplikatutako balentziaren propietateei buruz. Mendeleieven taulan bigarren elementua litioa zen eta bat balentzia zuen, hau da, atomo bakar batekin konbina zitekeen. Zerrendako hurrengo elementua, berilioa, bi balentzia zituelako, bi atomo desberdinekin konbina zitekeen. Hurrengoak, boroak hiru balentzia zituen, eta gero karbonoak lau. Ordena hain zuzen 1, 2, 3, 4, 3, 2, 1 zen.

Mendeleievek bere garaian ezagutzen ziren elementu kimiko guztiak (63 ziren orduan) pisu atomikoen arabera ordenatu ahal izan zituen, balentziaren gorakada eta beherakada periodikoak lortu zituelarik. Elementuak lerroka ordenatu zituen, lerroak elkarren azpian eta balentzia berdineko elementuak zutabe berean ipiniz. Zutabe edo lerro bereko elementuek gainera, beste zenbait propietate kimikotan antz handia zuten.

Propietateak eta balentziak gora eta behera aldika egiten zutelako, “Elementu Kimikoen Taula Periodiko” deitu zioten 1869. urtean lehen aldiz Mendeleievek argitaratutakoari.

Mendeleieven taulak zabalkunde izugarria izan zuen. Lehen aldiz zientzilari errusiar baten lanari berehala jaramon egin zioten, ordurarte ez bezala. Errusieraz egindako taula laster itzuli zuten alemanierara, zientzilari gehienen esku utziz. Egia esan, zientzilariek ez zuten Mendeleieven lana berehala onartu, ordurarte elementuak ordenatzeko saioek porrot egin zutelako.

Mendeleievek ez zuen etsi eta bere taula hobetuz joan zen. 1871.eko urtarrilaren 7an Journal of the Russian Chemical Society aldizkarian, taulan hutsuneak utzi zituen artean ezagutzen ez ziren elementu kimikoentzat, elementu ezezagun horien ezaugarri kimikoak aurresanez. 1875. urtean Lecoq de Boisbaudran-ek aurkitu zuen Mendeleievek iragarritako lehen elementua, Nilson eta Cleve-k 1879.ean bigarrena eta 1885.ean Winkler-ek hirugarrena.

Mendeleievek 1905. urtean testu-liburu bat argitaratu zuen, ordurarte kimikan egindako aurrerapenak adieraziz. Berehala itzuli zuten ingelesera; ordurako oso kimikari ospetsu bait zen. Sari asko irabazia zen, eta 1906. urtean ia Nobel saria ere eman zioten; botu bateko aldeaz lortu bait zuen Moissan-ek.

San Petersburgen hil zen 1907.eko otsailaren 2an, eta urte batzuk geroago (1955.ean) aurkitutako 101. elementu kimikoari mendelevio izena eman zitzaion bere ohorez.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila