Dirua eta memoria gal ditzakezu

Kolonbia-ko neuropsikiatri institutuko Alfredo Ardila eta unibertsitate nazionaleko Carlos Moreno, eskopolaminaz toxikatutako pertsonak aztertu ondoren, “amnesia global iragankor” deritzonaren antzeko sintomak zituztela ohartu ziren.

Bogota aldera joaten bazara, bertako lapurrek ohosteko oso sistema berezia erabiltzen dutela ikusterik izango duzu, “eskopola-mina” izeneko droga erabiltzen bait dute.

Kolonbia-ko neuropsikiatri institutuko Alfredo Ardila eta unibertsitate nazionaleko Carlos Moreno, eskopolaminaz toxikatutako pertsonak aztertu ondoren, “amnesia global iragankor” deritzonaren antzeko sintomak zituztela ohartu ziren.

Ardilak eta Morenok Bogotako San Pedro Claver ospitalean eskopolaminazko toxikazioagatik ingresatutako 25 gaixo aztertu zituzten. Besteak beste, 28 urteko emakume baten kasua ezagutzera eman zuten.

Emakume hau, egun batean goizeko 11tan irten zen bere bulegotik eta berehala oso dotore jantzita zegoen gizon bat hurbildu zitzaion. Une horretatik aurrera gertatu zena ez du oraindik oroitzen, baina ondorioak ikusita gertatutakoa asmatzea erraza izan zen. Antza denez, emakume honek amnesia jasan zuen bitartean lehenbizi bulegora joan zen, soldata-taloia hartu, banketxera joan eta ahal zuen diru guztia atera zuen. Ondoren etxera joan eta zituen bitxi guztiak hartu zituen.

Emakumea bere onera etorri zenean, lo geratu zen. Ospitalera eraman zutenean egindako gernu-analisian eskopolaminaren eta lasaigarri baten arrastoak azaldu ziren. Asmatzekoa denez, soldata eta bitxiak ez ziren azaldu.

Eskopolamina aspaldidanik erabili izan da antzinako errituetan. Baina, gaur egun Kolonbian lasaigarri batekin nahasturik erabiltzen da eta “burundanaga berria” deitzen zaio.

Badirudi lapurrek spray-a erabiltzen dutela droga emateko hau arnasbideetatik sartzen delarik. Ardila eta Morenorentzat eskopolaminaren ondorioz sortzen den egoera, “amnesia global iragankor” deituriko fenomenoa aztertzeko oso egokia izan daiteke.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila