Txinako laborari batek sekulako ezustekoa hartu zuen dragoia zirudien fosila aurkitu zuenean. Paleontologoak ere harrituta gelditu ziren, baina ez arrazoi beragatik. Fosila aztertu duten gehienek uste dutenez, animalia dinosauru eta hegaztien arteko katea maila galdu bat izan zen.
Txinako Beijing-eko Geologia museoko zuzendariak, Ji Qiang jaunak, Sinosaurupteryx prima izena jarri dio animaliari. Metro erdiko luzera duen dinosauru lumadun txiki hau aurkitzeak erreakzio ugari sorrarazi du. Esaterako, Philip Currie-k, Albertako Paleontologiako museoko ordezkariak, azken hamardaketako aurkikuntzak garrantzitsuenetakoa dela adierazi du.
Orain arte ezagutzen den hegaztirik zaharrena, Archaeptorix-a, duela 150 milioi urte bizi izan zen. Sinosaurupteryx dinosauru lumadunak, aldiz, 120 milioi urte ditu egin den azterketaren arabera. Datu honek baieztatzen du, beraz, hegaztiak dinosauruen adar beretik datozela. Horrez gain, Txinako aurkikuntzak hegaztiak narrasti-talde batetik sortu zirela zioen hipotesia baztertu egiten du.