Narrasti batzuetan, krokodiloa kasu, arrautza garatzen den tenperaturaren arabera definitzen da kumearen sexua, eta, zientzialari batzuen ustez, hori izan liteke dinosauroen kasua ere.
Duela 65 milioi urte inguru, dinosauroak desagertu zirenean, meteorito batek Lurra jo zuen, eta Lurraren atmosferan hauts-hodei bat sortu zela uste dute geologoek. Horrek tenperatura globala jaistea eragin omen zuen, eta, paleontologo batzuen ustez, hotzak batez ere arrak jaiotzea eragin zuen. Emeen eskasiak espeziea desagertzea ekarri zuela uste dute.
Eztabaidarik ez da falta, ordea, ez baitago ziur jakiterik zerk definitzen zuen dinosauroen sexua. Gainera, beste espezie asko ere desagertu ziren orduan, eta teoria berriak ez omen du balio kasu horiek azaltzeko.