Dinosaurioen bapateko desagerpenari buruz idatzi dugu jadanik aldizkariaren orrialde hauetan eta antza denez idazten jarraitu beharko dugu, gertakizun hori azaltzeko teoria berriak etengabe sortzen ari dira eta. Azkenekoa bi geokimikari amerikarri, Robert Berner eta Gary Landis-i, zor diegu.
Hauen eritziz atmosferako oxigenoaren gutxiagotzean egon liteke esplikazioa. Anbarean harrapatutako airearen konposizioa aztertuz, duela 80 milioi urte gaur baino %50 oxigeno gehiago omen zegoen. Oxigeno-kantitatea orduz gero murriztuz joan da.
Orain arte, atmosferaren konposizioa sortze-une beretik gutxi gorabehera konstante mantendu dela uste izan da. Amerikarren azterketa hau egin arte ezagutzen ziren aire-lagin zaharrenak poloetako izotzetan harrapatutakoak ziren eta beren adina 160000 urte ingurukoa zen. Tarte horretan atmosferaren konposizioak konstante iraun du.