Denbora-kapsula Lurraren orbitan

Artista frantses batek gidatutako taldeak Lurraren orbitan denbora-kapsula jarri nahi du, berriro irekiko den arte 50.000 urtez Lurraren inguruan biraka arituko dena.Taldearen nahia kapsularen barnean gaur egungo gizarteari buruzko era guztietako informazioa gordetzea da.

NASA

Gainera edozein pertsonak mezua utzi ahal izango du, horretarako Interneten helbide bat ireki dutelarik (http://www.keo.org). Mezua utzi nahi duenak 6.000 hitzeko espazioa du, eta nahi duena eta nahi duen hizkuntzan jar dezake. Bildutako informazio guztia 2001. urtean jaurtikiko dute espaziora, proiekturako diseinatu dituzten CD-Rom berezi batzuetan.

Kapsularen barnean, besteak beste, “Alexandriako Liburutegia” izeneko diziplina anitzeko liburutegi zabala, gaur egungo argazkiak, aire, ur eta lurraren laginak, giza odolaren lagin bat eta gizakien argazkiak eramango ditu denbora-kapsulak.

Jean-Marc Philippe artista frantsesaren hitzetan, denbora-kapsula artelana bezalakoa izango da, mosaiko baten antzera pertsona bakoitzak bere zatia jarriko duelarik. Zer garen eta zer izan nahi dugun erakutsiko digun froga izango da, bere ustez.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila