Meteoritoak oinarri hartuta egin diren filme katastrofikoak modan jartzen ari diren garai honetan, bat baino gehiago ari da Eguzki-sistemako asteroideek dakarten arriskuaz jabetzen. 1997ko martxoan Estatu Batuetako Astronomi Institutuko astronomoek 1997XF11 asteroidea aurkitu zuten, eta honen orbita kalkulatu ondoren, Lurretik 45.000 km-ra igaroko zela aurreikusi zuten, hau da, Lurretik Ilargirainoko distantziaren zortziren batera.
Asteroideak ia bi kilometroko zabalera izanik, benetako mehatxua litzateke Lurreko biziarentzat, eta beraz Lurrarekin talka egingo zukeen ala ez ziurtatzen hasi ziren ikertzaileak. Azkenean, asteroidearen datu zaharragoak erabiliz, asteroidea Lurretik 900.000 km-ra igaroko dela kalkulatu zen eta, beraz, ez dago kezkatzeko arrazoirik. 1997XF11 asteroideak, ordea, gauza bat erakutsi digu: arriskua egon, badagoela.