Espainiako Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Gorenak (CSIC) emakume ikertzaileen egoerari buruzko azken txostena argitaratu berri du. Haren arabera, azken 17 urteetan, egoera ez da hobetu; aitzitik, okerrera egin du.
Guraize-grafikoak argi irudikatzen du hori. Grafiko horretan, emakumeek eta gizonek beren ibilbide zientifiko-teknologikoan duten bilakaera azaltzen da. Ibilbidean aurrera joan ahala, doktoretza egin aurretik eta irakasle ikertzaile izan arte, emakumeen ehunekoa txikitzen doa, eta gizonena, berriz, handitzen. Hasieran, emakumeak gizonak baino pixka bat gehiago dira; hortaz, bi lerroak gurutzatu egiten dira. Horregatik deitzen zaio guraize-grafikoa.
Bada, azken grafikoan, aurrekoetan baino lehenago gurutzatzen dira lerroak; alegia, gazteagotan jaisten da emakumeen ehunekoa. Horrek zaildu egiten du berdintasuna lortzea epe labur-ertain batean.
Datuek ere horixe bera islatzen dute: 2020an, doktoratu aurretik kontratutakoen emakumeen ehunekoa azken 16 urteetako txikiena da (% 50,5). CSICen emakumeek aurkeztutako tesien ehunekoa ere jaitsi egin da: % 45,97-koa izan da (aurreko urtean % 51,6-koa zen).
Arloka begiratuta ere, emakumeak guztietan daude gutxiengoan: gizartea (% 38,8), bizitza (% 36,8) eta materia (% 34,7). Horrenbestez, CSICek ondorioztatu du ezinbestekoa dela lanean jarraitzea berdintasuna lortzeko ikerketan eta berrikuntzan.
Elhuyarrek garatutako teknologia