Elhuyar Fundazioa
Naturalista ingeles hau Shrewsbury-n (Shropshire-n) jaio zen 1809. urteko otsailaren 12an. Aita medikua zuen, eta aitona Erasmus Darwin mediku eta poeta famatua.
Gaztetan Charles Darwin ez zen ezertan nabarmendu. Lehenbizi medikuntza ikastera bidali zuten, baina lanbide horretarako joerarik ez zuen erakutsi. Gero apaiz anglikano izateko asmoz teologia ikasten saiatu zen, baina apaizgorako zaletasunak joan egin zitzaizkion azkenean, aldi berean Natur Zientzietarakoak bere baitan indar hartu zutelarik.
1831. urtean Beagle izeneko itsasuntzia munduari itzuli osoa emateko prest zegoen eta ikerketa zientifikoak egiteko bidaia hartan naturalista gisa joan zedin leku bat eskaini zioten Darwini. Darwinen aitak semeari ez zion joaten utzi nahi, baina osaba Josiah Wedgwood-ek auzian parte hartu zuen eta Darwin azkenean munduan zehar abiatu zen Beagle untzian. Itsasoan asko sufritu zuen noiznahi mareatuta ibiltzen zelako. Baliteke gainera orduan tripanosomasis izeneko gaitza harrapatzea, zeren eta gero bere bizitzan izan zituen sintoma kronikoek horixe adierazten bait dute. Dena dela, Darwinek bost urteko bidaia osoa burutu zuen; biologiaren historian sekula izan den bidaiarik garrantzitsuena dudarik gabe.
Bidaian Hegoamerikako kostan desplazatu ahala, espezieak poliki-poliki aldatu egiten zirela ikusi zuen. Galapagos artxipelagoko irletan bost aste eman zituen eta hango animaliez egindako ikerketak izan ziren gero garatuko zuen teoriaren funtsa.
Irla bolkaniko haiek Ekuadorreko kostatik mila kilometro ingurura zeuden eta bertan dortoka erraldoiak aurkitu zituen. Garrantzi berezia bertako txori batzuek izan zuten ordea; txonta izenekoek. Irla haietako txontak berdintsuak ziren, baina berdinak ez. Gutxienez hamalau espezie zeuden, batabestearengandik zerbait desberdintzen zirelarik. Txonta-mota haiek kontinentean eta munduan beste inon ez zeuden eta hamalau espezie desberdin haien ekintza bereziren batez han sortu zirela esateak ez zirudien arrazoizkoa. Darwinek beste era batera pentsatu zuen. Kontinentean txonta haien antzeko beste espezie batzuk bazeudenez gero, haiek kolonizatuko zituzten irlak eta gero ondorengoek eboluzioari esker forma desberdinak hartuko zituzten.
Ondorengo eboluzioa zergatik gertatu zen ez zekien Darwinek 1836. urtean bidaia amaitu zenean. Ingalaterrara itzulitakoan bidaiari buruzko liburu naturalista bat prestatu zuen eta koralezko arrezifeez ere bai beste bat. Arrezifeak koralen eskeletoak pilatuta sortu zirela iradoki zuen, aldi berean itsasoaren hondoa jaitsi zatekeelarik. Arrakasta handia izan zuen teoria hark.
Darwin 1839. urtean bere lehen-gusu Emma Wedgwood-ekin ezkondu zen. Garai hartan Londresen zuen bizilekua eta han Geologi Elkarteko idazkari izan zen.
Darwinek Malthus-ek biztanleriaz egindako liburu famatua irakurria zuen ordurako. Hark zioenez, gizakien kopurua janariena baino azkarrago ari zen ugaltzen eta azkenean biztanleriak murriztu beharra edukiko zuen gosez, gaitzez ala gerraz.
Darwinek ideia hori edozein izakiri aplikatzea pentsatu zuen. Lehenengo suntsituko zirenak, janaria lortzeko lehian abantailarik gutxien zutenak izango ziren. Galapagos Irletan adibidez, haziak bilatu eta jateko txonta egokienek iraungo zuten eta besteak hil egingo ziren. Baina zer gertatuko litzateke txonta batzuk hazi handiagoak ala intsektuak jateko gai balira? Gaitasun berri hori zutenek iraun egingo zuten eta besteak desagertu egingo ziren. Naturak, hautespen naturalaren bidez espezie batzuk aukeratu egingo zituen, beste batzuk baztertuz. Eboluzioa esplikatzeko arrazoi nagusia hautespena zela konturatu zen Darwin.
Darwinek urte asko eman zituen bere teoria lantzen eta froga gisa datuak biltzen. Bere lagunek bazekiten zertan ari zen eta eboluzioaren ideia biologoen artean gero eta gehiago entzuten zenez gero, bere lagun Lyell geologoak liburu bat argitara zezan eskatu zion. Alfred Wallace naturalistak gainera, idatzi berria zuen lan bat Darwinen ideia berdintsuak adieraziz.
“Linnaean Society” elkarteko aldizkarian Wallace eta Darwinen artikulu bana argitaratu zen eboluzioaren teoriaz 1858.ean. Darwinek ordea, 1859.ean bere liburu famatuena eman zuen argitara: On the Origin of Species (Espezieen jatorria...) izenekoa. Argitaratutako egunean agortu ziren liburu guztiak eta hurrengo berrargitarapenak ere berehala erosi zituen jendeak.
Darwinek liburua plazaratu orduko, eztabaida luze bati eman zitzaion hasiera. Bibliak zioenari Darwinen teoriak kontra egiten ziola pentsatu zuten batzuek; erlijioarentzat galgarria zela alegia. Darwinek eboluzio-teoria ez zion zuzenean gizakiari aplikatu bere liburuan, baina irakurleek landare eta animaliez zioena gizakien jatorriaz lotzen zuten.
Zientzilari zein ez-zientzilarien artean eztabaida mingotsak urteetan luzatu ziren, baina Darwinek ez zuen haietan zuzenean parte hartu. Hark datu eta frogak biltzen segitu zuen, 1871.ean The Descent of Man (Gizonaren deszendentzia) izeneko liburua argitaratuz.
1882. urteko apirilaren 19an hil zen Darwin Londres ondoko Down herrian, baina eztabaidak eztabaia ordurako bere hautespen naturalezko eboluzio-teoriak bide luzea ibilia zuen eta pertsonaia ospetsu gisa Westminster abadian ehortzi zuten, Newton, Faraday eta bere lagun Lyell-en ondoan.