Elhuyar Fundazioa
Smalandeko Rashult-en 1707.eko maiatzaren 23an jaiotako botanikari suediar honen izena Carl von Linné zen, baina izenburuko latinizatua ezagunagoa da zientzilarien artean.
Bere aita artzain protestantea zen eta jardin botaniko txiki bat zeukan. Linnaeus gazteak han ordu asko igarotzen zituen eta horregatik botanikari txikia deitzen zioten.
Uppsala-ko unibertsitatean medikuntza ikasi zuen, eta han ari zela landareen lorezil eta pistiloez arduratu zen. Ugal-aparatuan oinarrituta landareak sistema berri eta hobean sailka zitezkeela pentsatu zuen.
1730. urtean Uppsalako unibertsitatean botanika-irakasle izendatu zuten eta 1732.ean Laponiara joan zen Suediako Zientzi Akademiaren babesean. Eskandinaviako iparraldean 7.400 kilometro korritu zituen, bertan ehunen bat landare-espezie berri aurkituz. Hango animaliak ere aztertu zituen eta sexuari garrantzia ematen ziolako M (arra) eta V (emea) ikurrak berak erabili zituen lehen aldiz.
Europako mendebaldera eta Ingalaterrara ere egin zituen bidaiak eta 1735. urtean Systema Naturae liburua argitaratu zuen. Liburu horretan izaki bizidunak sistematikoki sailkaturik agertzen dira eta horri esker hartzen da gaur egun Linnaeus taxonomia modernoaren aitatzat.
Bi hitzeko nomenklatura erabili zuen, landare edo animalia bakoitzari bi izen ipiniz: Quercus robur edo Salamandra luschani adibidez. Lehen izenak landare edo animalia zein jenerotakoa den adierazten du eta bigarrenak zein espezietakoa den. Linnaeusen liburuak zazpi plegu handi zituen lehen aldiz argitaratu zenean, baina hamargarren argitaraldian 2.500 edukitzeraino luzatu zen.
1737. urtean Linnaeusek beste bi liburu argitaratu zituen: Flora Lapponica eta Genera Plantarun izenekoak. 1753. urtean Species Plantarum liburua argitaratu zuenean, mundu guztian ospetsu egin zen. Gaur egun ere liburu hau hartzen da oinarritzat loradun landareak eta iratzeak sistematikoki sailkatzeko.
1755. urtean Espainiako erregeak eskaintza bat luzatu zion bertara lanera joan zedin, baina Linnaeusek ezezkoa erantzun eta Suedian segitu zuen Historia Naturala unibertsitatean irakatsiz. Oso irakasle ona zen eta bere ikasleak munduko bazter guztietara bidaltzen zituen biziaren forma berriak bila zitzaten.
1757. urtean nobleziako titulua eman ziotelarik, Carl von Linné izena erabili zuen. 1778. urtean hil zen Uppsalan urtarrilaren 10ean. Ondoren, sir J. E. Smith britainiar dirudunak bere eskuskribuak eta belar-, intsektu- nahiz maskor-bildumak erosita Londresera eraman zituen eta gaur egun han daude Linnaean Society elkartearen egoitzan. Esaten dutenez Suediako erregeak Linnaeusen gauzak itsasuntziz Ingalaterrara zihoazela jakin zuenean, fragata bat bidali omen zuen ondoren eta horren inguruan halako historia dramatiko bat asmatu izan da. Ez da, ordea, egia.
Linnaeusek sailkapenerako zuen grina, ia-ia gaixotasuna ere bazen. Espezieen eta beren jeneroen zerrendak egiteaz gain, jeneroak klasetan eta klaseak ordenatan sailkatu zituen.
Linnaeus erlijiozale izan arren, gizakia Homo Sapiens gisa orangutanaren ( Homo Troglodytesen ) jenero berean sailkatzera ausartu zen. Baleak eta antzeko animaliak ere ugaztunen jeneroan sartu zituen.
Talde handitatik talde txikietara eta espezietara zuhaitz baten antzerako sailkapena egiteak, izaki bizidunen jatorrizko formetatik gaur egungo forma konplexuetarainoko eboluzioa aztertzeko asko lagundu du.
Linnaeusek ordea, eboluzioaren ideia ez zuen inola ere onartzen. Haren ustez Sortu zirenez gero espezie berririk ez zen agertu eta harez gero ez zen batere desagertu.
Cuvier, Jussieu eta Candolle-k Linnaeusen sailkapen-sistema garatu egin zuten eta bide horri jarraituz ezinbestekoa zen halako batean Darwin bat agertu eta eboluzioaren teoria tajututa plazaratzea.