Bluetooth: atzeratzen ari den etorkizuna

Waliño, Josu

Elhuyar Fundazioa

Duela pare bat hilabete azaldu genuen zer den Bluetooth sistema. Hainbat enpresaren artean garatu duten sistema honen bidez, egun hain zabalduak dauden gailu txikiak eta ordenagailuak konektatu ahal izango dira kablerik gabe. Sistema horrek irrati-maiztasunak erabiltzen ditu gailuak elkarrekin komunika daitezen eta megabit bat segundoko abiadura ematen du. Horrela, sare txikiak sor daitezke inolako kablerik erabili gabe norberak etxean dituen gailu guztiak konektatuz.

Teknologia hau erabiltzen duten gailuak iazko irailean ikusi behar omen genituen merkatuan, baina oraindik ez da horrelakorik agertu. Arazoa ez da teknologia ez dagoela behar bezala garatuta, egon badago eta. Arazoa bestelakoa da. Duela gutxi arte ez zegoen gailu horien arteko funtzionamendua homologatzen zuen araudirik prest eta, horrela, fabrikatzaile bakoitzak arazo teknikoak bakoitzak bere erara konpontzen zituen. Horrela ez zen bermatzen marka desberdinetako gailuen arteko komunikazio zuzena. Hori dela eta, urte honen amaiera arte ez dugu honelako gailurik ikusiko.

Garestia ere ez omen da izango teknologia hori. 2002 urtean, gailu batek teknologia hori izateagatik produktuari gehitu beharko zaion kostea 1.000 pta. (40 libera) ingurukoa izatea espero da. Baina gaur egun dauden Bluetooth txartelak ez dira hain merkeak. Arazoa da konexiorako bi zirkuitu dituztela: bat kanpo-komunikazioa ahalbidetzeko irrati bidezkoa, eta bestea barne-komunikaziorakoa. Urte-bukaeran aterako diren gailuek guztia integratuko duen txip bakarra izango dute eta horren ekoizpena handia izango denez, asko merkatzea espero da.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila