Bizkarroien babesa esklerosi anizkoitzean

Bizkarroien babesa esklerosi anizkoitzean
2007/04/01 | Elhuyar
(Argazkia: S. Smith/Stanford Unibertsitatea)

Bizkarroien infekzioak esklerosi anizkoitzean izan dezakeen eragina ikertu dute Argentinan, Buenos Airesko Raul Carrea Neurologiako Ikerketa Zentroan. Dirudienez, infekzioak eragin onuragarria du pazienteentzat.

Zehazki, esklerosi anizkoitza duten hogeita lau paziente aztertu dituzte, lau urtez baino gehiagoz. Horietatik erdiak bizkarroiek infektatu zituzten, gaitza diagnostikatu ondoren. Bada, infektatutakoen artean, gerora hiru erasoaldi bakarrik izan ziren guztira; infektatu gabekoetan, berriz, 56. Gainera, azken horiek denek izan dituzte lesioak garunean, eta, infektatutakoen artean, erdiek besterik ez.

Sendagileek ez dakite ziur zerk eragiten duen esklerosi anizkoitza. Badakite, hori bai, immunitate-sistemaren T zelulek sortzen dituzten molekulek gaitzaren erasoa sustatzen dutela. Eta orain frogatu dute bizkarroien infekzioa duten pazienteen T zelulek ez dituztela hainbeste molekula kaltegarri sortzen.

Oraindik ikertzen jarraitu behar dute, baina, datuen arabera, esklerosi anizkoitzaren kasu gehiago daude Europan eta Ipar Amerikan, Hego Amerikan baino. Eta Hego Amerikan ohikoak dira bizkarroien infekzioak; beraz, hori izan daiteke halako aldea egiteko arrazoietako bat. Horrez gain, bizkarroien infekzioek beste gaixotasun autoimmuneetatik ere babesten dutela uste dute ikertzaileek.

1
230
2007
4
024
Medikuntza
Berriak labur
12
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila