Kaliforniako unibertsitateko ikerlari batzuen arabera, garuna zenbat eta gehiago landu, nerbio-zeluletako adarrak gero eta handiago egiten dira. Ostera, garuna zenbat eta gutxiago erabiliz, nerbio-zelulei mezuak jasotzen laguntzen dieten ehun finak gero eta gehiago uzkurtzen dira.
Ehun hauek, dendrita izenekoak, nerbio-zeluletatik at hazten diren adartxoak dira. Beste nerbio-zeluletatik igorritako mezuak dendritek jasotzen dituzte lehenbizi. Dendritak, zenbat eta handiagoa izan, gero eta informazio gehiago jaso dezake.
Los Angelesko unibertsitateko Bob Jacobs neurobiologoak Arnold Schibel eta Matthew Schall-ekin batera 20 giza garunetako dendriten luzerak aztertu ditu.
Ikerketa honen arabera, garun desberdinen artean dendriten luzera % 40 alda daiteke. Oro har emakumeek gizonek baino dendrita luzeagoak dituzte, honen arrazoia, antza denez, hitz egiteko duten erraztasun handiagoa da. Zahartu ahala, dendritak uzkurtu egiten direla ere ikusi zuten, baina ondoriorik garrantzitsuenetakoa ondoko hau izan zen: "adimenarekin zerikusirik zuten lanetan aritutakoen dendritak besteenak baino luzeagoak izatea".