“Elhuyar. Zientzia eta Teknika” aldizkariaren 63. aleko “Zientzi Berriak” atalean onddo erraldoi baten berri eman genuen; Armillaria bulbosarena, alegia. Onddo hau, azalerari dagokionez, Lurreko bizidunik handientzat hartu izan da. Bere pisua 10.000 kg-koa dela estimatu zen eta okupatutako azalera 15 ha-koa.
Ildo honi segituz, pisuari dagokionez bizidun ezagunik handiena “sekuoia erraldoi” gisa ezagutzen dena izan da; 2.000.000 kg inguru pisatzen baitu. Ondoren balea urdina dugu, honek 180.000 kg pisatzen duelarik.
Colorado-ko unibertsitateko Ingurugiro, Populazio eta Organismo Biologiako Saileko Michael C. Grant, Jeffry B. Mitton eta Yan B. Linhart-ek beste organismo bat katalogatu nahi dute bizidunik handien gisa; bai pisuari dagokionez, eta bai azalerari dagokionez ere. EEBBetako mendebaldean aurkitu duten Populus tremuloides izeneko makal-espezieak 43 ha hartzen ditu eta ia 6.000.000 kg pisatzen duela uste da.
Makal honek 47.000 zuhaiska ditu eta hauetako bakoitzaren pisua (zurtoina, gehi adarrak, gehi hostoak, gehi erroa) 130 kg-koa da gutxi gorabehera.
Beraz, hemendik aurrera beste espezieren bat katalogatu arte, pisuz zein azaleraz Populus tremuloidesen esku egongo da errekorra.