Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaile batek, birus bat oinarri hartuta, Chrysodeixis chalcites sitsaren kontrako intsektizida sortzea proposatu du. Baratze-labore, labore apaingarri eta fruta-laboreen izurri handienetakotzat hartzen da sits hori, haren beldarrek landa-espezie asko jaten baitituzte.
Alexandra Bernal nekazaritza-ingeniari teknikoak Kanariar Uharteetan egin du ikerketa, eta, zehazki, bananadiak izan ditu aztergai, inguru horretan Chrysodeixis chalcites sitsak “izurria eragiteko arrisku handiena duen laborea baita”, argitu du. Izan ere, uztaren pisu guztiaren % 30erainoko galerak eragiten ditu sitsa horrek Kanarietan.
Bakulobirus bat aukeratu du ikertzaileak sitsaren kontrako biointsektizida diseinatzeko. Bakulobirus hori sitsen azpifamilia bati baino ez die eraso egiten, Plusiinae azpifamiliari, hain zuzen, eta, hortaz, “haietatik biointsektizida sortzeko beharrezko biosegurtasun-ezaugarriak ditu”, ziurtatu du Bernalek.
Birusarekin infektatutako larba bat hiltzen denean, infekzio-iturri bihurtzen da, laboreen gainazala kutsatzen duelako. Hala, labore horretako beste larba batzuk infektatzen dira, eta modu berean hiltzen dira. “Bi larbarekin bakarrik futbol-zelai baten besteko azalera tratatu ahal izan genuen", dio ikertzaileak. Biointsektizidaren eraginkortasuna baieztatzeko, emaitzak intsektizida kimiko eta biologikoenekin alderatu zituzten, horiek erabiltzen baitira Kanariar Uharteetako platanondo-sailetan. "Ikusi genuen gure produktua 3 edo 4 aldiz eraginkorragoa dela”, gaineratu du.