Amak jatekorik ez duenean, sagu-umekiek kalterik izan ez dezaten, karenak bere zeluletako osagaiez hornitzen dituela ikusi dute Cambridge Unibertsitateko ikertzaile batzuek. Ernari zeuden 8 sagu 24 orduz elikagairik gabe izan zituzten ernaldiaren erdialdean, umekiengan zuen eragina aztertzeko. Izan ere, garai horretan hipotalamoa garatzen da, oinarrizko sen eta funtzio batzuk kontrolatzen dituen garun-zatia (hala nola errai-jarduera, oreka hidrikoa eta ama-sena). Bada, ikertzaileek ikusi dutenez, plazentak bere ehunak zatitu, eta haien osagaiak erabiltzen ditu umekiek ez dezaten izan elikagai faltarik, nahiz eta amak ezer jan ez. PNAS aldizkarian eman dute egindako ikerketaren berri.