Bertsolarien garun-ahalmena aztertzeko lehen ikerketa egiten ari dira BCBL-n

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

bertsolarien-garun-ahalmena-aztertzeko-lehen-ikerk
Andoni Egaña BCBL-n, proba batzuk egiten. Arg. BCBL

Gaur aurkeztu dute BCBL zentroan bertsolarien garun-jarduera aztertzeko egiten ari diren ikerketa. Aurkezpenean, ikerketa bultzatu duten bi zentroen ordezkari nagusiez gain (BCBL eta Bertsozale Elkartea), ikerketaren protagonista nagusietako bi ere izan dira: Andoni Egaña bertsolaria eta Kepa Paz-Alonso neurozientzialaria. Haiek eman dituzte ikerketaren nondik-norakoak.

Azaldu dutenez, ikerketaren helburua da ikustea zer mekanismo erabiltzen dituzten bertsolariek bertsoak sortzeko, eta bertsolari ez direnenekin alderatzea, zerbait berezirik ba ote duten jakiteko.

Izan ere, beste ezaugarri batzuen artean, nabarmena da, entrenatzearen eta aritzearen poderioz, bertsolariek beste pertsona askok baino trebezia handiagoa dutela errimatzen duten hitzen zerrendak egiteko. Hori azaltzeko, hipotesi bat da hitzak modu berezian gordetzen dituztela memorian, edo izan liteke baita ere modu eraginkorragoan ekartzen dituztela burura behar dituztenean. Horrelako hipotesiak frogatzea espero dute, ikerketaren bitartez.

Horretarako, bertsolariak ez ezik, bertsoarekin harreman handirik ez duten pertsonak ere aztertuko dituzte, eta baita bertso-eskoletako ikasleak ere. Oraingoz, bertsolari-taldearekin egin beharreko probak amaitzen ari dira, eta lehen emaitzak urtearen amaieran izango dituztela aurreratu dute. Hori baino lehen, ordea, beste bi taldeek ere egin beharko dituzte proba horiek.

Hiru proba dira. Lehenengoa ordenagailuan egin dute: berariaz diseinatutako software batean,  funtzio kognitibo nagusiak neurtu dituzte, hala nola arrazoiketa, arreta... Beste biak erresonantzia magnetiko nuklearra erabiliz egin dituzte. Batean, ariketa fonologikoak, semantikoa eta errimazkoak egin dituzte, eta, bestean, kopletan eta zortziko txikian aritu dira, gaia emanda.

Behin betiko emaitzen zain, ikerketaren zenbait zertzelada azalduko dira Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariaren apirileko zenbakian.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.