Berrehun urte Antoine Abbadia jaio zela

Berrehun urte Antoine Abbadia jaio zela
2010/06/01 | Elhuyar
(Argazkia: Gaël Chardon/Creative Commons/aitortu eta partekatu baimen beraren arabera)

Aurten berrehun urte bete dira Antoine Abbadia zientzialari ospetsu eta euskaltzalea jaio zela. Etiopian hamabi bat urtez Arnaud anaiarekin batera geografiari, geologiari, arkeologiari eta historia naturalari buruzko ikerketak egin zituelako da batez ere ezaguna. Nilo ibaiaren iturburuak eta zibilizazioaren sorlekua aurkitzea izan ziren, besteak beste, bidaia luze hori egitera bultzatu zuten asmoak.

Ez zen hori izan, ordea, Antoine Abbadiak zientziari egin zion ekarpen bakarra. Esate baterako, Brasilen Lurraren magnetismoa neurtzen ibili zen, eta eguzki-eklipseen hainbat behaketa egin zituen: 1851n Norvegian, 1860an Burgosko Briviesca herrian eta 1867an Aljerian. 1882an Haitira egin zuen bidaia, Artizarra Eguzkiaren aurretik pasatzen ikusteko eta aztertzeko.

Bidaia horietan guztietan jasotakoekin hainbat argitalpen egin zituen, eta zientzia-gaietan titulu eta izendapen asko jaso zituen. Besteak beste, Frantziako Elkarte Geografikoaren domina jaso zuen, San Gregorioren Ordenako zaldun izendatu zuten, baita Frantziako Ohorezko Legioko kide ere, eta 1867az geroztik Frantziako Zientzia Akademiako kide eta lehendakaria izan zen.

Zientzia-gaiak alde batera utzita, Antoine Abbadia euskaltzalea ere bazen; aitarengandik jaso zituen euskara eta euskaltzaletasuna. Horri lotuta, euskal gramatika bat egin zuen Agustin Xahorekin batera (Études grammaticales sur la langue basque), eta hainbat lan idatzi zituen euskarari buruz, frantsesez. Gainera, Euskal Lore Jokoak kultura-jardunaldiak antolatu eta diruz lagundu zituen 1851tik 1897ra arte; hil arte, hain zuzen ere. Denbora-tarte horretan sari ederrak ordaindu zizkien urtero pilotari, bertsolari eta bertso-idazle onenei. Eta hark sortu zuen, bestalde, Zazpiak Bat leloa.

Gaur egun, Hendaian eraiki zuen gaztelu neogotikoa da Antoine Abbadiaren oroigarri nagusia. Frantziako Zientzia Akademia da orain gazteluaren jabea, Abbadiak hil aurretik hari utzi baitzion, eta bisitak antolatzen dituzte gaztelua ikusteko. Hamaika urte iraun zuten zaharberritze-lanek, eta 2004an bukatu zituzten: instalazio elektriko osoa berriz egin zuten, ordulariak eta bestelako tresnak konpondu zituzten, altzairuzko piezak eta margoak konpondu, eta abar. Abbadiaren garaiko itxura eman zieten denei.

Aurten, hainbat ekitaldi antolatu ditu Zientzia Akademiako Antoine d'Abbadie Fundazioak, haren jaiotzaren urteurrena ospatzeko. Antoine Abbadiaren bizitzari, zaletasunei eta jardunari lotuta daude, hein batean edo bestean, antolatu dituzten erakusketa, tailer, hitzaldi eta entzunaldiak.

1
265
2010
6
009
Biografiak; Astronomia; Ekologia
Albisteak
14
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila