Atmosferan metatzen diren berotegi-efektuko gasen kontzentrazioa IPCCk (Klima-aldaketari buruzko Gobernuarteko Taldea) iragarri baino askoz polikiago igotzen ari da. Berria alde batetik ona da, baina bestetik ez, zeren eta etorkizuneko egoera ezin iragar badezakegu, nazioartean nekez onartuko baita gas horien isurtzeak mugatuko dituen hitzarmenik. Eta gaur egun zientziak ezin du etorkizuneko berotze globalari buruzko iragarpen zehatzik egin, prozesu horretan parte hartzen duten faktoreetako batzuei buruz oraindik oso gutxi dakigulako.
Beraz, lehenago esandakoaren kontra, badirudi datozen 50 urteetan atmosferan dagoen CO2-aren kantitatea ez dela bikoiztuko (horrek 1,5 eta 4,5 °C bitarteko tenperatura-igoera eragingo luke), horretarako 50 ez eta 100 urte beharko direlako. Egia da 1950 eta 1975 bitartean gas horien kontzentrazioa oso azkar igo zela, baina harrezkero igoera nahikoa murriztu da. Baina, bestalde, CO2-aren emisioak igo egin dira. Non dago karbono monoxido hori orduan, atmosferan ez bada? Hainbat hipotesi dago: itsasoetan metatzen ari dela pentsatzen da, edo zuhaitzetan agian.
Baina inork ez daki hazkunde motel horrek jarraipena izango duen, bizituko den edo apalagotuko den. Berotegi-efektuko beste gas garrantzitsu bat metanoa da eta honen hazkundea are gehiago moteldu da. Arazo korapilotsu honen gainean zerbait gehiago jakin ahal izateko, NASA prestatzen ari den EOS (Earth Observing System) satelite espezializatuak aireratu arte itxaron beharko da.