Berez desegiten diren inplante elektronikoak garatu dituzte

Isurkin organikoen eraginez, denborarekin berez desegiten diren gailu elektronikoak garatu ditu nazioarteko ikertzaile-talde batek.

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

berez-desegiten-diren-inplante-elektronikoak-garat
Inplante elektroniko biodegradagarriak garatu dituzte. Arg. Beckman Institutua, Illinois eta Tufts unibertsitateak

Emaitzak Science aldizkarian argitaratu dituzte, eta Estatu Batuetako, Koreako eta Txinako zenbait unibertsitateko ikertzailek sinatzen dute lana, Suk-Won Hwang ikertzailearen gidaritzapean.

Ikertzaileen esanean, garatu dituzten gailu elektroniko biodegradagarriek aplikazio interesgarriak izan ditzakete medikuntzan. Hain zuzen ere, esperimentuetako batean, bakterioen aurkako botika bat askatzeko programatuta zegoen gailu horietako bat probatu zuten arratoietan. Inplantea jarri eta hiru astera, frogatu zuten botikak eragina izan zuela, eta inplantea ia guztiz desagertuta zegoela.

Inplante medikoak ez ezik, ingurumen-azterketetarako sentsoreak eta tresna elektroniko ekologikoak egiteko ere material aproposa dela uste dute ikertzaileek. Berez, zetazko bilgarri baten barruan dago gailu elektronikoa. Gailuak siliziozko geruza porotsuz eta magnesiozko elektrodoz osatuta daude, eta, ingurua zein den, zetazko bilgarriak egitura bat edo bestea du, gehiago edo gutxiago iraun dezan desegin gabe. Izan ere, inplante medikoek gutxi gorabehera pare bat astez irautea komeni bada ere, kontsumorako gailu elektroniko batek urte pare bat iraun behar du.

Ikertzaileek adierazi dutenez, beste aplikazio batzuk probatzea eta animaliekin esperimentuak egiten jarraitzea izango dira hurrengo pausoak.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila