Cambridgeko eta Aucklandeko unibertsitateetako ikertzaileek frogatu dutenez, tresnak buruz egiteko gaitasuna dute Kaledonia Berriko beleek (Corvus moneduloides). Are gehiago, beste bele batzuk egindako tresnak oroitu eta diseinua hobetzeko ahalmena ere badute. Ikertzaileen esanean, gizakia alde batera utzita, oso espezie gutxik dute gaitasun hori.
Kaledonia Berriko beleek tresnak egiteko duten abilezia ezaguna zen, baina ez zekiten nola ikasten zuten tresnak egiten eta haiek hobetzen. Orain, esperimentu bat egin dute, entrenatutako beleekin. Hain zuzen, neurri desberdinetako kartoi-zatiak makina batean sartzen irakatsi zieten zortzi beleri; trukean, sari bat jasotzen zuten beleek.
Hori egiten irakatsi ondoren, kartoi handi bat eman zieten beleei, eta ikusi zuten beleak gai zirela kartoia zatitzeko eta gogoan gordetako itxura emateko zatiei. Scientific Reports aldizkarian argitaratu da ikerketa.
Elhuyarrek garatutako teknologia