Behi eroen gaitza, ahuntzetan

Frantzian 2002an hil zen ahuntz batek behi eroen gaitza zuela baieztatu dute ikertzaileek. Horrez gain, Britainia Handian susmoa dute 1990ean hil zen ahuntz batek ere gaitz hori zuela. Hain zuzen, Frantziako kasua baieztatu eta gero egindako azterketak piztu du susmoa.

mike.soboring.org

Ikertzaileek lehendik ere susmatzen zuten ardiek eta ahuntzek ere izan zezaketela behi eroen gaitza, behiek bezala infektatutako ganaduaz egindako pentsua jaten baitzuten gaixotasuna zerk sortzen zuen jakin aurretik. Gainera, behietan infektatzeko modu bakarra gaitzarekin hildakoaren haragia jatea da, baina ardietan eta ahuntzetan litekeena da gaitza duenak ondokoa kutsatzea. Horrek azaltzen du zergatik iraun duen gaur arte gaixotasunak, nahiz eta urteak igaro diren hildakoen haragiaz pentsuak egitea debekatu zenetik.

Halaber, ardiek eta ahuntzek errazago transmititzen dute gaitza, giharretan ere izaten baitituzte gaixotasuna eragiten duten prioiak. Aldiz, behietan gehienbat nerbio-sisteman metatzen dira prioiak. Bestalde, ahuntzetan eta ardietan zaila da gaixotasuna identifikatzea, antzeko sintomak izaten baititu animalia horietan arrunta den beste gaixotasun batek, scrapie-ak edo ikarak alegia.

Ardiek eta ahuntzek behi eroen gaitza transmititzeko arriskua dagoela ikusita, 2002an azterketak egiten hasi ziren Europako Batasunean, eta oraingoz kasu hauek besterik ez dira agertu.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila