Begietara begiratzen duen kutxazain automatikoa

Estatu Batuetako Texas estatuko banketxe batek, dirua eman aurretik, bezeroen begiak ezagutzeko gai den kutxazain automatikoen sistema jarri du abian. Beraz, sistema horren erabiltzaileek, beren eragiketak egiteko, ez dute koderik ikasi beharrik edo txartelak erabili beharrik izango, makina berriak bezeroen eskuineko begia ezagutzeko gai baitira.

Banketxeko bezeroek eskuineko begiaren argazkia atera behar dute banketxean. Irudia ordenadorean gordetzen da. Bezeroa eragiketak egitera kutxazain automatikoetara hurbiltzen denean, makinak bezeroaren eskuineko begia berak gordeta duen irudiarekin alderatzen du. Irudiak berdinak badira, makinak utzi egingo dio eragiketa egiten; bestela ez. Gezurra badirudi ere, begietako irisak, beren lerro eta koloreekin, hatz-markak baino bereizgarriagoak dira; izan ere, irisak makinak ezagutu ditzakeen 226 ezaugarri ditu, eta hatz-markak 35 besterik ez.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila