Karibeko mangladietan inoiz ezagutu den bakteriorik handiena identifikatu dute. Zentimetro bat luze da; alegia, begi hutsez ikusten da. Ezagutzen ziren beste bakterio erraldoiak baino 50 aldiz handiagoa da, eta, nolabait, kolokan jarri ditu bakterioen funtsezko ezaugarritzat jotzen ziren zenbait alderdi.
Izan ere, zientzialariek uste zuten bakterioen neurriak muga fisikoak zituztela. Orain deskribatu duten bakterioak, ordea, muga horiek gainditzen ditu, barne-antolamendu berezi bati esker. Thiomargarita magnifica deitu diote, eta filamentu-itxura du.
Eurkariotoen aldean, prokariotoek, eta, haien barruan, bakterioek, ez dute nukleorik. Hau da, ez dute DNA gordetzeko berariazko egitura bat. T. magnificak ere ez du eurkariotoen moduko nukleorik, baina haren aurrekaria izan daitekeen mintz batek biltzen du haren material genetikoa. Gainera, material genetiko horren kopia ugari ditu: 700.000 baino gehiago. Ikertzaileen esanean, bakterioa aztertzea lagungarria izango da ulertzeko zergatik egin diren eukariotoen genomak gero eta handiagoak.
Sufrea metabolizatzeko gai diren bakterioen taldekoa da, eta mintzez banatutako atalek funtzio metabolikoak dituzte. Ikertzaileen esanean, bakterioak sinpleak eta eurariotoak konplexuak diren ustea ezeztatzen du T. magnificak. Science aldizkarian argitaratu dute hari buruzko artikulua.
Elhuyarrek garatutako teknologia