Bederatzi urterekin hizketan?

Garunaren ezkerreko hemisferioa kendu eta laster, bederatzi urteko haurrak hitz egiten ikasi du. Psikologo eta neurologoak harrituta daude; eskuineko hemisferioaren laguntzaz, hain berandu hitz egiten ikasi duenik ez baitute ezagutu inoiz.

Bizitzako lehen urteetan eta garunaren ezkerreko hemisferioari esker, gizakiak hitz egiten ikasten du. Orain arte hala uste zen behintzat. Ezkerreko hemisferioa kendu dioten haur batek bederatzi urterekin ikasi du hizketan.

Haurrak zuen gaitza zela-eta, odola nekez iristen zitzaion ezker hemisferiora eta ez zen hitz egiteko gauza. Ebaketa egin zitzaion hemisferio kaltetua kentzeko eta bi urteren buruan ia helduak bezain ondo hitz egiten du. Ezkerreko hemisferioa da hizkuntzak ikasteko darabilgun garuneko aldea, baina mutikoak eskuinekoa erabili behar izan du gaitza dela medio.

Gertaera horrek neurologoak eta psikologoak harri eta zur utzi ditu. Orain arte uste zenaren arabera, gizakiak behin adin batetik aurrera ez du hitz egiten ikasteko ahalmenik. Garuneko nerbio-zelula sareek urtetan lanik egin ez badute, malgutasuna galtzen dute.

Psikologoen ustez, hitz egiten ikasteko gaitasuna haurtzaroan izaten dugu eta urte gutxitara gaitasun hori galdu egiten da. Mutikoari gertatu zaiona ikusiz ordea, adituak noraezean dabiltza. Bederatzi urterekin eta eskuineko hemisferioari esker, hizketan nolatan ikasi duen aztertu beharko dute.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila