AEBetako Indiana estatuan katagorri grisaren eta arruntaren portaera aztertu dute, basoen zabalkuntzan zein eragin duten jakiteko. Hala, katagorri grisaren memoria txarrak basoari laguntzen diola ikusi dute.
Indianako basoetan joan zen mendean sartu zen lehenengoz katagorri arrunta. Ordura arte, katagorri grisa zen jaun eta jabe. Bi katagorri-espezie horiek ohitura desberdinak dituzte janaria ezkutatzeko garaian. Izan ere, katagorri grisak lurperatu egiten ditu zuhaitzen haziak, hala nola, ezkurrak eta hurrak. Biltzeko garaian, ordea, ez ditu guztiak aurkitzen, eta, ondorioz, ahaztutako haziak ernatu egiten dira eta zuhaitz berriak hazi.
Katagorri arruntak, berriz, ez ditu haziak lurperatzen, zuhaitzetan biltzen ditu eta lehortzen utzi. Hala, haziak ez dira ernatzen. Horregatik, katagorri arrunta sartu zenetik, haritz eta hurritz gutxiago jaio da.