Propietate kuantiko exotikoak dituzten materialak sortzeko osagai egokiak aurkitzea ez da lan erraza, eta, sarritan, zoriz ere egin behar izaten da, sintetizatu beharreko elementuak modu ausaz konbinatuz. Hemendik aurrera, DIPCn eta Princetongo Unibertsitatean egindako lanari esker, litekeena da horrelako materialen sintesia ez izatea hain ausazkoa. hain ausazkoa ez izatea.
Hain zuzen, ikertzaileek balizko hautagaien bilaketa sistematikoa egin dute, 55.000 material dituen datu-base erraldoi batean. Hasteko, banda lauko materialak deritzenak identifikatu dituzte, hau da, energia zinetiko konstanteko egoera elektronikoak, non elektroien portaera nagusiki beste elektroi batzuekiko interakzioen arabera gertatzen baita. Hala ere, ikertzaileen arabera, banda laua izatea ez da nahikoa; izan ere, elektroiek atomoekin lotura estuegia dutenean, banda lau batean egon arren, ezin dira mugitu, eta ezin dute materiaren egoera interesgarririk sortu.
Horrenbestez, helburua elektroiak elkarren artean ikustea dela azaldu dute ikertzaileek, eta horixe da banda topologikoen ekarpena. Ikerketa-taldea abangoardian egon da banden propietate topologikoen karakterizazioari dagokionez, kimika kuantiko topologikoa deritzon ikuspegiari esker. Haren bidez, materialen datu-base handia lortu dute, baita banda lau topologikoak bilatzeko tresna teorikoak ere.
Hala, egun naturan ezagutzen diren banda lauko material guztiak aurkitu ditu taldeak. Orain, katalogo handi hau osatuta dagoela, aurreikusitako materialekin lanean hasiko da, elkarrekintza-egoera berrien potentziala esperimentalki egiaztatzeko. Nature aldizkarian argitaratu dute katalogoa.