Banbua laborategian loratu dute! Albistea harrigarri bezain garrantzitsua da, gizateriaren laurdenak jateko, etxea eraikitzeko, haltzariak egiteko, paper-orea egiteko eta abarretarako erabiltzen duela kontutan hartzen badugu. Panda hartzak adibidez bere elikaduraren oinarri du banbua.
Banbuaren 500 espezie inguru ezagutzen dira munduan eta gehienek gutxi gorabehera hogeitamar urte behar izaten dituzte loratzeko. Badaude mende osoa behar izaten dituztenak ere.
National Chemical Laboratory-ko ikerle-talde indiar bati esker, banbuari ernaltzeko eta ugaltzeko epeak asko laburtuko zaizkio. Ikertu diren hiru espezieetan hiru hilabeteko epean ugaltzea lortu dute, eta ez baldintza naturaletan behar dituzten hogeitamar urteko epean.
Ranjani Nadgauda, Andi Maskarenhas eta V. Paraxarami zientzilariek, nahaste elikatzaile egoki bat behar bezala emanda lortu dute arrakasta. Janari elikatzaileak gatz mineralak, bitaminak, azukrea eta hormona begetalak ditu. Hormona horietako bat, eta dirudienez arrakasta lortzeko funtsezkoa izan dena, pentzil-amino-purina izenekoa da. Hormona honen eragina koko-esneaz areagotu dute eta ikerleek diotenez nahitaezkoa izan da hori.
Dirudienez banbu-sailak laster izango dira nahierara kontrolatzeko moduan. Beste edozein labore bezala hazi ahal izango da, nahi denean loratu eraziz. Banbua ordea, proteinatan beste landareak baino lau aldiz aberatsagoa da. Panda hartzak dira hori ongien dakitenak, banbu-hostoz elikatzen direnez.