Baleen arbasoak

Pakistango mendietan, J.G.M. Thewissen zientzilari estatubatuarrak gidatutako talde batek sedimentuzko aztarnategi bat aztertu zuen iaz. Orain dela 52 milioi urteko fosilak aurkitu dituzte. Interesgarrienak Ambulocetus natans i zenekoarenak dira; gaur egungo zetazeoen arbasotzat hartzen denarenak, hain zuzen.

Ambulocetus natans espeziearen fosilak. Hiru metro luzeko ugaztuna zen eta 300 kg inguru pisatzen zituen.

Ornoen, saihetsezurren eta gorputz-adarren morfologia, muturraren forma luzea eta hortzeria aztertuta, zalantzarik gabe esan daiteke zetazeoa dela. Hala ere, aspaldiko zetazeoa da. Izan ere, batetik aire-irtenbiderik ez du eta bestetik atzean erabat garatutako bi hanka luze ditu.

Espezie fosil berri honek zetazeoen ustezko arbasoen eta arkeozetoen (baleen adar zaharrenaren) arteko zuloa betetzen du. Ambulocetus natans hiru metro luzeko ugaztuna zen eta 300 kilo inguru pisatzen zituen. Fokak bezala ibiliko zen lehorrean, atzeko hankekin bultzata, baina elikatzeko uretan igeri egitea nahiago izango zuen. Ugaltzeko berriz ere lehorrera joan beharko zuen. Otaria eta fokek bezala, igeri egiteko bizkarrezurra uhinkatu eta atzeko hankak gogor erabiliko zituen.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila