Nola aurre egin antibiotikoei erresistente bilakatu diren bakterioei? Antibiotiko berriak ekoiztea izan da orain arte erantzuna. Baina bakterioek behin eta berriz garatzen dute etsai berriekiko erresistentzia. Kaliforniako Scripps Research Institutuko ikertzaileek nanoteknologian eta kimikan oinarrituta bestelako irtenbidea bilatu dute. Bakterioen mintzak zeharkatu eta barneko edukia husteko gai diren hodi mikroskopikoez baliatzea proposatzen dute. Hodiak aminoazidoz osatutako eraztun-segida dira, orain arte askotan saiatu arren inoiz eraikitzea lortu ez direnak. Eraztunak bata bestearen ispilua diren aminoazidoekin osatu dira eta, ondoren, hidrogeno-atomoak erabili dituzte eraztunak elkarrekin lotzeko. Nanoteknologiaren benetako artelana.