Petrolio-eskasiari beldur zaion garai honetan, erregaien prezioek gora noiznahi egiten dute eta baita ekonomia osoaren inflazioak ere. Kinka honetan beraz, ikerlari australiar batzuek asmatu duten teknika berri batek garrantzi izugarria du. Ezaguna da petrolio-hobiak hustu ahala bertako presioa jaitsi eta kanpora gutxiago ateratzen dela.
Petrolioak irteteari uzten dionean, barnean geratzen dena ateratzeko gasa ala ura injektatzen zaio. Gas edo ur horrek ordea, eranskin kimikoak izaten ditu hobiko haitzetan eta zirrikituetan itsatsita dagoen petrolioa hobeto askatu eta kanpora dadin. Hala eta guztiz ere, sistema honen bidez bertan dagoenetik %30-% 50 bakarrik eskura daitekeela pentsatzen da. Gainera injektatutako eranskin kimikoak batetik garestiak dira eta bestetik ez dira biodegradagarri.
Australiarrek probatu berri duten sisteman, bakterioak erabiltzen dira. Bakterio horiek petrolio-hobitan lehendik ere badaude eta ezaugarri berezi bat dute: detergente biodegradagarri natural moduko bat sortzeko gauza dira. Horren laguntzaz, haitzean eta zirrikitutan itsatsitako petrolioa erraz askatzen da.
Australiarren sisteman bakterio horiek lehenbizi hobitik atera egiten dira eta substantzia elikagarrien bitartez ugaldu. Gero, bakterio beroiek petrolio-hobira sartzen dituzte berriro.
Hobiko presioa jaisten denean, ura injektatu eta petrolioa erraz ateratzen da kanpora.
Saiakuntzetan lortu dituzten emaitzak oso itxaropentsuak izan dira. Queensland-eko Alta-ko petrolio-hobian urtebetean produkzioa % 50 hobetu da eta behera egiteko seinalerik ez dago.
Arrakasta hau petrolio-industriaren laguntzaz Camberra-ko unibertsitateko mikrobiologi ikerlariz osatutako talde batek lortu du.