Bakterioa zaborrak ezabatzeko

Bakterio garbitzaile hau Suitzako Neuchatel-go biologoek aurkitu dute Loclat izeneko lakuaren sedimentuetan. Bacillus schlegelii izenez bataiatu dute aldi berean autotrofoa eta espora-erakoa den bakterio hau. Autotrofoa da, ingurugiroko gas karbonikotik bizitzeko behar dituen gaiak sintetizatzeko gauza delako, eta espora-erakoa, kanpoko baldintzak kontrakoak dituenean oso geruza babesle erresistenteaz hornitzen delako.

Espora gisa aurkitu dute Suitzako Alpeetan hartutako lagin batean, eta bakterio-forman Toskana eta Islandiako ur beroetan. Beroa da bakterioarentzat gustukoena. 65 °C-tan hidrogenoa, gas karbonikoa eta sufrea dituela inkubatzen denean, bere geruza babeslea alde batera utzi eta azkar ugaltzen da. Beraz, ikerle suitzarrek bioteknologian sendagaiak lortzeko erabil daitekeela pentsatu dute. Izan ere, tenperatura altuetan lan egiten duenez, beste mikroorganismoek ez dutela kutsatuko segurta daiteke. Hidrogeno, sufre eta bero-energian aberats diren hiri-zaborrak deusezteko ere erabil daiteke.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila