Azeriak 42.000 urtez profitatu dira gizakiek sortutako soberakinez

azeriak-komentsalismoa
Arg. Ray Hennessy/Unsplash

Haiek baino handiagoak diren harrapakariek uzten dituzten arrastoez elikatu ohi dira azeriak, baina, gaur egun, gizakiak sortutako janari-soberakinek gero eta pisu handiagoa dute animalia hauen dietan. Komentsalismoan oinarritutako harreman hau, ordea, ez da oraingoa. Are gehiago, ikertzaile talde batek proposatutakoaren arabera, lotura hau Paleolitoan hasi zen. PLOS ONE aldizkarian argitaratutako ikerketa batean argudiatu dutenez, azeriek gizakiarekiko mantentzen duten komentsalismoak gutxienez 42.000 urte ditu.

Alemaniako hego-ekialdean, Goi eta Erdi Paleolito aroetako aztarnategitan aurkitutako zenbait animaliaren arrastoetan bildutako karbono eta nitrogeno isotopoak alderatu dituzte ikertzaileek. Egiaztatu ahal izan dutenez, bertan neandertal talde batzuk baino ez zeuden garaietan —duela 42.000 urte baino lehenago, alegia—, azerien dietak eta beste haragijaleenak antzekoak ziren. Baina, inguruan Homo sapiens-a zabaldu ahala, gero eta gehiago elur-oreinez osatutako dieta nagusitzen hasi zen azerietan. Egileen arabera, horrek iradokitzen du azeriak gizaki modernoak ehizatutako animalien soberakinez elikatzen hasi zirela.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila