Automobil eta itsasuntzi aldi berean

Edozein lur-motatan ibiltzeko automobilak gero eta gehiago ikusten dira, baina oraindik naturako zenbait oztopo ezin dute gainditu. Errekak eta ibaiak ur gutxikoak direnean zeharka badaitezke ere, ur-maila handia denean ezin dira zeharkatu.

Beraz, bi inguruneetan, hots, uretan eta lehorrean, ibiltzen den ibilgailuak aukera berriak eskain ditzake. Argazkian ikusten duzun ibilgailuak “Hobbycar” izena du eta arestian aipatu bi inguruneetan ibiltzeko prototipoa da. Gurpilak higitzen dituen motoreak, uretan bi hidrojet aktibatzen ditu eta bolantea lema bihurtzen da.

Prototipo hau Renaulteko enplegatu-ohi batek gauzatu du eta Val de Loire-n zabaldutako lantegian aurtengo udazkenerako espero dute lehen ibilgailuak produzitzea. Lehen ibilgailu-sorta hau hogeitamar unitatek osatuko dute eta akatsak nabarmentzeko balioko dute.

Ezaugarririk garrantzitsuenak honako hauek dira: ohizko bost abiadurako kaxa (automatikoa nahi izanez gero), 7 ZP-ko potentzia fiskala, 150 km/h-ko abiadura lehorrean eta 5 korapiloko abiadura uretan.

Karrozeria arina eta erresistentea da eta konpositez egina dago, parabrisa hidraulikoki ezkuta daiteke eta aulkiak erabat tolesgarriak dira.

Ibilgailu honen alderdirik txarrena prezioa da; salmenta-prezioa 6.000.000 pta-koa izango bait da.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila