Auto bizkorra jende bizkorrarentzat

Udazken honetan merkaturatzekoa da “auto bizkorra”. Garapena oso ezkutuan egin bada ere, gero eta gauza gehiago ari dira auto-kontzeptu berri honi buruz kaleratzen. Hiri-bokazioarekin jaiotako auto honek bi eserleku eta 2,5 m-ko luzera izango ditu.

Aurki ikusiko omen dugu gure kaleetan zehar moduluka egindako automobila. Kit bereziei esker, automobila ia egunero estrenatzeko aukera ere izango omen da. Txikia eta azkarra da irudiotan ikusten den prototipoa.

Autoa erabat modularra da. Ondorioz, bertsio asko izateaz gain, erabiltzaileak autoaren elementu asko aldatu ahal izango ditu fabrikatzaileak eskainiko dizkion “kit bereziekin”. Aldatu ahal izango diren elementuen artean hauek aipa daitezke: eserlekuak, hauen zorroak, aginte-mahaiko elementuak eta baita kabina bera ere.

Dalimler-Benz eta SGMU enpresek bultzatuta MCC konpainia ari da autoa produzitzen. Produkzio-sistema ere aipagarria da. Izan ere, 750 auto eguneko egingo dituzte Hambach-eko (Lorena) plantan. Autoak piezaz pieza osatu beharrean, bost modulo muntatuko dira, autoa bost ordu baino gutxiagotan osatuta dagoelarik. MCCren hornitzaileek moduloak (kabina edo motorea, esaterako) muntatuta eramaten dituzte haren muntai kateara. Beraz MCCk moduluak elkarrekin lotzea baino ez du egiten. Halaber, garraio-kostuak gutxiagotzeko, MCCren hornitzaileak Hambach inguruetan ere jarri dituzte beren lantegiak.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila