Australiaren lehortzea


Coloradoko Unibertsitatean diharduten zenbait ikertzaileren aburuz, duela 50.000 urte Australiara iritsi ziren gizakiek eraldatu egin zuten bertako klima. Zientzialarien ustez, lehenengo kolonoek barnealdeko landaretza suntsitu izanak urteroko montzoietan eragina izan zuen.

Australiako montzoiak abenduan hasten dira, eta Asia aldetik datozen haize hezeek euri asko sorrarazten dute. Ikerketa geologikoek erakusten dutenez, azkeneko 150.000 urteetan, glaziazioen amaierako montzoiak haizetsuagoak eta hezeagoak izan dira.

Baina bada salbuespenik, azkeneko glaziazioa urtzen ari zenean, duela 10.000 urte inguru, montzoiak ez ziren oldartu. Aldiz, Afrikan eta Asian, garai berean, montzoiak oso bortitzak izan ziren.

Gizakiaren presentzia eta klima lehortzea garai bertsuan gertatu izana, kasualitate hutsa izan zen ala ez jakin nahian dabiltza zientzialariak.

Horretarako, Australiako montzoiak ordenadorez simulatzen dituzte, basamortu eta basoetako euri-jasak alderatuz.

Zientzialarien harridurarako, landaredia dagoen eskualdeetako euri-kopurua bikoiztu egingo litzateke. Tentu handiz hartu beharreko emaitzak direla diote, baina ondorio hauek baieztatuko balira, gizakiak garai hartan zuen teknologia eskasarekin klima aldarazteko gai izan zela esateko moduan ginateke.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila