Australiako wombat martsupialioak egoera larrian

Wombat izena ezezaguna egingo zaizue gehienei. Ozeanian, aldiz, nahikoa animalia ezaguna dela esan dezakegu. Gaur egun, Australiako iparraldean bizi den ugaztun martsupialio honen egoera ez da batere ona. Wombat sudur-iletsuaren habitat nagusia Queensland estatua izan arren, oso arraroa da lurralde horretan aleren bat aurkitzea. Zientzilarien datuen arabera, hiru wombat sudur-iletsu espezieetan soilik 65 ale gelditzen dira bizirik, guztiak Epping-eko parke nazionalean.

Wombat izeneko martsupialioa erakusten digu goiko argazkiak; egiazki zaila da aleren bat bere habitatean ikustea, gero eta urriagoak baitira. Lehorteak eta inguruaren degradazioak zerikusi zuzena dute egoera kezkagarri honetan.

Ugaztun bitxi hau sedentarioa, gautarra eta antisoziala da. Bonbatidoen familiakoa, gorputz lodikote eta iletsua du eta isatsik gabea da. Egunez gordeleku batean lo egiten du; gauean, berriz, belarra jatera ateratzen da. Neguan gaueko lehenengo orduetan ateratzen da gordelekutik eta udan gauaren azken orduetan abiatzen da elikagaiak miatzera.

Andrew Woolnough eta bere taldea martsupialio honen portaerak ikertzen ari dira espeziea salbatzeko itxaropenaz. Hala ere, wombat-populazioa krisialdi kezkagarrian dago, habitat naturala suntsitzen ari delako, lehorteak eta lehiakide dituen abereen ugalketa direla medio.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila