Duela 90 urte, Australiako aborigen batek ile bat eman zion antropologo bati. Orain, Kopenhageko Unibertsitateak gidatutako nazioarteko talde batek ile horren DNA sekuentziatu du, eta, emaitzan oinarrituta, ondorioztatu du aborigenak duela 70.000 urte Afrikatik migratutako gizakien ondorengoak direla. Horren arabera, gaur egun Asiako biztanle gehienen jatorria izan zen migrazioa baino lehenagokoak dira; 24.000 urte lehenagokoak, hain zuzen.
Horrenbestez, ikerketak bertan behera utzi du orain arteko hipotesi nagusia. Izan ere, orain arte uste zuten Australiako aborigenak Afrikatik Europara eta handik Asian barrena iritsitako migrazio bakar baten ondorengoak zirela. Alabaina, aborigenaren ilearen DNAk erakutsi du haren arbasoak bidean topatutako giza espezieekin gurutzatu zirela, bai neandertalekin eta baita denisovarrekin ere. Aitzitik, Asiaren hego-ekialdean bizi diren gainerako populazioek ez dute denisovarren arrastorik.
Hipotesi berria bat dator Max Planck Institutuak egindako ikerketa genetiko zabal batekin. Emaitza guztiak kontuan hartuta, orain uste dute gutxienez bi migrazio handi izan zirela Asian zehar: Australiako aborigenen eta Ginea Berriko eta Ozeaniako beste populazio batzuen jatorri izan zen bat, eta, geroago, Asiako biztanle gehienen jatorri izan den beste bat. Itxura denez, lehenengo migrazioko batzuk baino ez ziren gurutzatu denisovarrekin, eta, gainera, denisovarrak desagertuta zeuden bigarren migrazioa Asiara iritsi zenerako.
Dena dela, galdera asko daude oraindik erantzuteko, eta azterketa gehiago egin beharko dituzte haiek argitzeko.