Aurrerapenak litio-ioizko baterientzat

Aurrerapenak litio-ioizko baterientzat
2010/10/01 | Elhuyar
Karbonozko nanohodien inguruan oxigenodun konposatuak jarrita, litio-ioi asko lotzeko aukera dago. Arg.: Argonne national laboratory/Creative Commons/aitortu eta partekatu baimen beraren arabera.

Bi ikerketa argitaratu dira azkenaldian litio-ioizko baterietan ohikoak ez diren osagaiak erabilita, haien energia metatzeko gaitasuna asko handitzen dela erakusten dutenak.

Bietako batean, baterietako ohiko kobalto oxidozko elektrodoa karbonozko nanohodizko batekin ordezkatu dute Massachussets Teknologia Institutuan (MIT). Hala, ohiko litiozko bateriek eman dezaketen energia halako bost ematea lortu dute, eta potentzia hori hamar aldiz azkarrago eman ahal izatea.

Litio-ioizko baterietan, karga positiboa duten litio-ioiak grafitoz osatutako elektrodoan pilatzen dira bateriak kargatzen ari diren bitartean, eta grafitozko elektrodotik litio-kobalto oxidozko elektrodora mugitzen dira. Litio-kobalto oxidozko elektrodoko oxigeno-atomoekin lotura kimikoak eratzen dituzte, eta erreakzio horretan korronte elektrikoa sortzen da.

MITen sortutako elektrodoak ez luke balioko karbonozko nanohodiak bere horretan jarri izan balituzte, litio-ioiak ez bailirateke haietara lotuko. Baina ikertzaileek oxigenodun hainbat konposatu-mota erantsi dituzte nanohodien azalean, eta nanohodizko geruzak egin dituzte. Oso geruza porotsuak dira, hau da, azalera handia hartzen dute oxigenodun konposatuek, eta, hala, litio-ioi asko lotzeko aukera ematen dute. Horregatik eman dezakete energia ohiko litiozko bateriek baino bost eta hamar aldiz azkarrago.

Beste ikerketan, Pacific Northwest Laborategi Nazionaleko ikertzaile batzuek ikusi dute parafina eta azido oleikoa erantsita, errazago sortzen direla plater-itxurako litio-manganeso fosfatozko nanoegiturak. Nanoplater horiek elektrodoen osagai gisa erabilita, elektroiak eta ioiak oso erraz sartu eta atera daitezke elektrodoetatik. Hala, berez baterietarako material gisa balio ez duen materiala energia-metaleku bikain bilakatu dute.

Hain zuzen ere, auto hibrido eta elektrikoetan erabili ohi den litio-burdin fosfatozko elektrodoek baino % 10 energia gehiago bil dezakeela ikusi dute.

1
268
2010
10
010
Materialak; Elektronika
Albisteak
12

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.