Irrati-uhinak atmosferara igorrita, aurora borealak eragin dituzte Estatu Batuetako zientzialari batzuek.
Asko dakite zientzialariek aurora borealen sorrerari buruz. Badakite Lurraren eremu magnetikoak poloetarantz bideratzen dituela Eguzkitik datozen elektroiak; eta elektroi horiek azeleratuta atmosferako molekulen aurka talka egiten dutenean sortzen dela auroraren argia. Baina zientzialariek ez dakite zerk azeleratzen dituen elektroiak. Dena dela, hori argitzen lagun dezakeen esperimentu bat egin dute.
Irrati-uhinen intentsitate handiko iturri bat jarri zuten martxan Cornell Unibertsitateko fisikari batzuek. 960 kilowatteko potentziakoa zen irrati-transmisorea. Lurrazaletik 50 kilometrora, ionosferan, irrati-uhinek azeleratu egin zituzten elektroiak, eta aurora artifiziala eragin zuten. Agian, naturan ere abiarazten dituzte eremu elektromagnetikoek aurora borealak. Nolanahi ere, aurorak ikertzeko bide berri bat ireki dute esperimentuaren bitartez.